Nabigazioaren sektoreak Juan Sebastian Elkanori omenaldirik handiena egingo dio euskal kostaldean uztailaren 6an eta 7an

  • Elkanoren Zeruertza izena duen ekimenak, lehen aldiz lau ontzidiak elkartuko ditu (merkataritzakoa, arrantzakoa, Armada eta kiroletakoa) munduari emandako lehen bira amaitu zuen itsasgizonaren irudiaren inguruan.
  • Errekor-zifra lortuko duten 100 ontzik Getariara arteko zeharkaldi ikusgarria egingo dute, Getxoko eta Hondarribiko portuetatik aterata. Besteak beste, bertan izango dira ‘Juan Sebastián de Elcano’, ‘Saltillo’, ‘Lucretia’, ‘Mater’ eta beste hainbat itsasontzi. 
  • Omenaldiak, bela-ontzien estropadaz eta ‘rally’ nautikoaz gain, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, dastaketa-guneak portuan, itsas elizkizun bat eta euskal itsasgizonaren monumentuaren aurrean egingo den ekitaldi bat bilduko ditu.

2019ko apirilaren 4a

Euskal kostaldeak datorren uztailean azken hamarkadetako itsas ikuskizun ikusgarrienetako bat biziko du. Ehun ontzik zeharkaldia egingo dute Getxo eta Hondarribitik Getariaraino, munduari emandako lehen bira1522. urtean amaitu zuen Juan Sebastian Elkanoren jaioterriraino. Aurten, Fernando de Magallaes gidari zuen eta Juan Sebastian Elkanok amaitu zuen espedizio haren irteeraren bosgarren mendeurrena betetzen da; Sanlúcar de Barramedatik 239 gizon itsasoratu ziren, eta 17rekin amaitu zuen Elkanok espedizioa.

Omenaldiaren izenburua ‘Horizonte Elcano/Elkanoren Zeruertza’ da, eta gaur aurkeztu da jendaurrean Donostiako Aquariumean. Inoiz egin den omenaldirik handiena izango da, alde batetik, ontzi kopuru handia izango duelako, eta bestetik, proiektu honek batasun-espiritua eragin duelako, lau ontzidiek parte hartu baitute: merkataritzakoa, arrantzakoa, Armada eta kiroletakoa. Guztira hogei bat erakundek jardun dute antolaketan. Arrantzaleen kofradiak nahiz kirol-arloko itsas klubak, Liga Naval izeneko elkartea nahiz merkataritza-ontzidiko kapitainak, baita hainbat administrazio ere. Lehen aldiz lortu den nabigazioaren sektore osoaren batasun horrek, egun horietan euskal kostaldean mota guztietako ontziak elkartzea ekarriko du ondorio gisa.

Programa osatua

‘Elkanoren Zeruertza’ ekimenaren programak hainbat jarduera bilduko ditu. Ikusgarriena, seguru aski, uztailaren 6an eta 7an euskal kostaldean ehun bat ontziren presentzia izango da. Egia esan, hilaren lehen larunbat horretan, goizean goizetik bi ekimen garatuko dira: alde batetik, bela-ontzien estropada bat, Getxo-Getaria eta Hondarribia-Getaria zeharkaldiak hobekien egiten dituzten ontziak sarituko dituena. Aurreko urteetan antolatu den Euskal Kostaldeko Estropada aurten eraldatu egin da, historiako lehen zirkumnabigazioari omenaldi berezia eskaintzeko.

Estropadaren trofeoa, ezohiko izaeraz, V. Mendeurrenaren Batzordeak jarriko du, eta Juan Sebastian Elkanori ohore egiten dio. Defentsako ministro Margarita Roblesek martxoaren 26an aurkeztu zuen Madrilgo Casa América eraikinean. Getariako Udalaren aurrean dagoen itsasgizonaren monumentuaren bustoaren erreprodukzio bat da, Carlos Palao eskultoreak egina. Trofeoa Manuel Gutiérrez Camachoren tailerrean egin dute. Lehen zirkumnabigazioaren ospakizunarekin bat egin duten eta erregularki antolatzen dituzten estropaden ‘V. Mendeurrena’ izeneko edizioak antolatu dituzten itsasoko kirol-lehiaketen irabazleak sarituko ditu trofeoak. Guztira 30 lehiaketa dira, eta horietako asko urtero egingo dituzte 2022. urtera arte.

Bestalde, bela-ontziez gain, ontzi mota guztientzat irekitako zeharkaldi bat egingo da, ‘rally nautiko’ moduan. Euskal kostaldean ontzi kopuru ikusgarria eta askotarikoa ikusteko aukera bikaina izango da, bereziki ospe handiko hainbat itsasontzi bertan izango direlako. Azpimarratzekoa izango da Armadaren ‘Juan Sebastián de Elcano’ eskola-itsasontziaren presentzia, ehun metrotik gorako luzerarekin; itsasontzia duela ia mende bat uretaratu zuten, eta orduz geroztik munduari hamar bira eman dizkio. Horacio Echevarrieta euskal enpresaburuaren ontziolan eraiki zuten.

Baina ez da itsasontzi berezi bakarra izango. Jadanik berretsita dago Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas Eskolaren ‘Saltillo’ izeneko eskola-itsasontziaren presentzia, baita itsas ingeniari holandar berberak diseinatu zuen baina luzera txikiagoa duen ´Lucretia´ itsasontziaren presentzia ere. Bestalde, bertan izango da Getariako ‘Mater’ atun-ontzi zaharra, ur gaineko museo bihurtua. Eta mota eta jatorri askotako beste ontzi asko izango dira bertan.

Ontziak Getariara iritsi ondoren, sari-banaketa egingo da udalerri gipuzkoar horretako Balenciaga Museoan aurreikusita dagoen eta inguruko sukaldariek prestatuko duten afari batean. Bertako, eta batez ere itsasoko produktuak dastatzeko aukera bikaina izango da.

Hurrengo egunean, uztailaren 7an, Juan Sebastian Elkanoren omenez egingo den beste jarduera bat San Salbador Elizako itsas elizkizuna izango da, Salbatore abesbatzaren parte-hartzearekin, eta ondoren lau ontzidien ordezkariek omenaldi-ekitaldi bat egingo dute Getariako itsasgizonaren monumentuaren aurrean.

Programak, era berean, hitzaldiak, erakusketak, kultura- eta hezkuntza-tailerrak, portuko dastaketarako eta dibulgaziorako guneak, eta jardueretan parte hartzen duten ontzietarako bisitaldiak barne hartuko ditu.

Omenaldi hori, munduari emandako lehen biraren Bosgarren Mendeurrenarengatik aurreikusita dauden ospakizun-ekitaldi ugarien artean ikusgarrienetakoa izango da; munduari emandako lehen bira historiako balentriarik handienetakoa izan zen, eta 1519an hasi zen bost naorekin: ‘Trinidad’, ‘San Antonio’, ‘Concepción’, ‘Santiago’ eta ‘Victoria’. Azken nao hori bakarrik itzuli zen, Juan Sebastian Elkanoren gidaritzapean.

‘Elkanoren Zeruertza’ ekimena hurrengo laguntzaileei esker egin ahal izan da: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Naviera Elcano, Ibaizabal, Sener, Campos, Algeposa, Astilleros Balenciaga, Bufete Barrilero, Bergé, Valles del Esla, Gestamp, Solarpack, Velatia eta Biansa. .

‘Elkanoren Zeruertza’ ekimenean laguntzen duten erakundeak honako hauek dira:

Armada española

Capitanía Marítima de Bilbao

Capitanía Marítima de Pasajes

Asociación Vizcaína de Capitanes de la Marina Mercante

Comisión V Centenario 1ª Vuelta al Mundo

Club Náutico Hondarribia

Club de Pesca de Atún de Lekeitio

Elkano Arrantzaleen Kofradia

Escuela de Ingeniería de Bilbao (UPV-EHU) E.T.S. Portugalete

Euskadiko Bela Federakuntza – Federación Vasca de Vela

Euskadiko Kirol Portuak – Puertos Deportivos de Euskadi

Fundación Museo Naval

Hika Txakolindegia

Hosteleria Getaria

Itsasamezten – Asociación Vasca de Capitanes Patrones y Navegantes

Orza Armadores Puerto Deportivo de Getxo

Pasaiako Itsas Arrantza BHI – IES Náutico Pesquero de Pasaia

Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaria – Dirección de Puertos y Asuntos Marítimos del Gobierno Vasco

Real Club Marítimo del Abra – Real Sporting Club

Real Club Náutico de San Sebastián

Real Liga Naval

Zumaiako Nautika Elkartea – Club Náutico de Zumaia

Egitasmo hau Mundu Biraren V. Mendeurrenerako Komisioaren programak abala ematen dien ekintzen barne dago.